Eusko Jaurlaritzako ordezkariak Arabako Errioxako Kuadrillak antolatutako topaketa batean izan dira gaur goizean, ardoaren sektoreak, oro har, eta eremu horrek, zehazki, Covid krisialdiaren ondorioz bizi duen egoeraz kezkatuta.
Arantxa Tapia sailburua buru izan duen bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak, HAZI Fundazioaren bidez, upategien finantzaketa hobetzeko, sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta posizionamendu- eta merkaturatze-ekintzak indartzeko abian jarri dituen laguntza sektorialeko ekimenen xehetasunak jakinarazi dira, Euskadiko upeltegiak eta ardoak sustatzeko ekintza berriekin batera.
Ildo horretan, administrazioak eta sektoreak sustapen-kanalak indartzea adostu dute, Basque Wine aterkipean euskal upategien produktuak salmenta- eta posizionamendu-kanal berrien bidez kokatzeko aukera emango duten ekintzen bidez, eratu berri den Basque Wine Office erakundearen koordinazio eta finantzaketapean.
Lehen promozio ekintzak hemendik aste batzu barru hasiko dira, sustapen kanpaina baten bitartez. Kanpainarekin bat egingo dute hiru lurralde historikoetako Ostalaritza Elkarteek eta banaketa handiko enpresa batzuek. Euskadiko ostalaritzak eta banaketa enpresek ere Arabako Errioxako ardoak eta hiru Jatorri Izendapenetako txakolinak (Araba, Bizkaia eta Getaria) identifikatuta edukiko dituzte beren establezimenduetan, “Basque Wine” irudi berriarekin, kontsumitzaileek Euskadin egiten diren edariak identifikatu ahal ditzaten.
COVID-19ak sektorean izan duen ondorioari aurre egiteko erabaki diren eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapiak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek Arabako Errioxako mahastizaintza eta ardogintzako sektoreko ordezkarien aurrean zehaztu dituzten ekintza eta neurrietako bat da ekimena.
Ardoaren sektorea egoera zailean dago, ia bi hilabete eta erdian nazioarteko eskaerak behera egin duelako eta HORECA kanala erabat gelditu delako. Egoera horren aurrean, Tapia sailburuak lankidetza areagotu behar dela eta sektoreari laguntzeko neurriak uneko premietara egokitu behar direla jakinarazi dio sektoreari.
Arabako upategien egoera
ARDOA– Basque Wine Officek egin duen inkestan parte hartu duten Arabako upategien %97k adierazi dute 2020an galera ekonomiko handiak espero dituztela, urte amaieran emaitzen kontuan batez beste %40 eta %45 arteko galerak eraginda. Salmenten murrizketa, dirutan, %45 eta %50 artekoa izango dela kalkulatzen da. Inkestatuetako gehienek uste dute Euskadiko eta estatuko merkatuetan salmentak %60 eta %65 artean jaitsiko direla eta esportazioek %45 inguru egingo dutela behera. HORECA kanalen, zeina sektorerako oso garrantzitsua baita, salmenten beherakada %55 eta %60 artekoa izan daiteke.
Edarien sektoreari laguntzeko neurriak Euskadin
50 MM-ko laguntza finantzarioa
Eusko Jaurlaritzak 50 milioi euroko zirkulatzaile lerro berri bat gaitu du, Finantzen Euskal Erakundearekin elkarlanean. Zazpi urterako maileguak izango dira, baldintza abantailatsuekin, Euskadiko upategietarako, eta hiru urteko gabezialdiarekin (3 + 4) eta +%1eko euriborrarekin. Mailegua gehienez ere 200.000 eurokoa izango da eragiketa bakoitzeko. Helburua da Euskadiko edarien ekoizpen kate osoari eustea, Euskadiko mahatsez egindako ardoaren ekoizpenari lagunduta.
Merkaturatzeko kanal berriak
Ardoa-Basque Wine Officeren Sustapen PlanaHazi Fundazioak Edarien Sustapenerako Plana berrikusi eta eguneratu du, Covid-19ak eragindako krisi testuingurura egokituta.
Tokiko zein nazioarteko merkatuan komunikazio eta sustapen ekintzak egiteko programa, kanaletan eta merkaturatzeko moduetan bereizketa eta berrikuntza bultzatzeko, 3 milioi eurorekin zuzkituta.Upategietarako laguntzak, tokiko eta nazioarteko merkatuetako sustapen ekintzak egiteko, banaketa kanalen eta Horeca kanalaren bitartez, bai eta tokian bertan zein nazioartean egiten diren sektoreko azoketan sustatzeko ekintzetarako ere.
Ardoa Basque Wine Office
Berriki eratu den Ardoa-Basque Wine Office bulegoak laguntza osoa eskaintzen dio Euskadiko edarien sektoreari, Arabako Errioxako upategiak, hiru Txakolin Izendapenak, Sagardoa eta Garagardoa merkatu nazionalean eta estatalean zein nazioartekoan aurrera eramaten ari diren estrategia indartzeko.
Bulego honen bitartez, zeinaren idazkaritza teknikoa Hazi Fundazioaren esku baitago, Eusko Jaurlaritzak helburu hauek lantzen ditu:
Nekazaritza elikagaien eta arrantza behatokia
Euskal Nekazaritzako Elikagaien eta arrantza Sektorearen gaurkotasun osoa.
Bete galdetegia zure proiektua guri helarazteko eta aditu bat jarriko da zurekin harremanetan.